XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ANTONIO - Baina zer diozu? Begietatik ere jango nuke-eta...

ROSA - Baina sudurretik jan beharko duzu... (Hurbildu eta aulkiaren besoei lotzen dizkio eskuak).

ANTONIO - Baina, zer ari zara, Rosa?

ROSA - Lotzen ari naiz, ez al duzu ikusten?

ANTONIO - Lotzen? Baina, aizu... geldi!

ROSA - Ona izan, Antonio, izan kemena, jan egin behar duzu, uler ezazu...

ANTONIO - Bai, noski, badut jateko gogoa, baina ez eskuak loturik ditudala.

ROSA - Lasai, hasierako kontua besterik ez da... Ba al dakizu zer egingo dugun urdaila prestatzen hasteko? Salda bero pixka bat emango dizut, nahi al duzu?

ANTONIO - Bai horixe... baina uhal hauekin... zer txantxeta modu da hau?

ROSA - Hemen duzu, katilukada bikaina, bere jerez-txorrotada eta guzti. Sudurretik ala lepotik botatzea, zer duzu nahiago? Bai, lepotik hobe. Non ote da hoditxoa... Asmatuko ahal nuen... (Inbutua sartzen dio lepotik, gero uhala Antonioren lepoaren biran ezarri eta aulki-bizkarrari lotzen dio).

ANTONIO - Nahikoa da Rosa, ez du graziarik... zer egiten didazu?

ROSA - Baina, laztan hori, aulki-bizkarrari lotzen ari naiz. Eta ez hasi aiko-maikotan, ez dut biguntzeko asmorik-eta.

ANTONIO - Lagundu! Rosa, barkatu, egia da alukume bat bezala portatu naizela zurekin baina banator zuregana berriro, Rosa...

ROSA - Oh, maitea, badakit maite nauzula. (Mahaitik pikagailua hartzen du maskarilarekin eta buruan ezartzen dio).

ANTONIO - Rosa, zertan ari zara? Lagundu!!! (Etsita kexatzen hasten da).

ROSA - (Aparatua ezartzeari bukaera emanez). Ez egin oihurik, ea zer pentsatu behar duten auzokoek. Ixo! (isilerazteko zer egin ez dakielarik, etsita, serbileta bat sartzen dio ahora). Ea horrela isiltzen zaren! Ene bada, Antonio, urdintzen ari zara... Ai, txepela naiz ni gero, zulo guztiak itxi dizkiot-eta. Nola hartuko du arnasa, bada? Zer jarriko diot serbiletaren ordez? (ingurura begiratzen du).

Ah, bai, bere klarinetea, hainbeste gustatzen zaio... (Klarinetea lanpara batetik zintzilik dago. Rosak jasotzen du lanpara eta Antonioren aurrean jartzen du). Lanparatik zintzilik utziko dugu, honela arnasa hartuko duzu eta nahi baduzu jo ere bai. (Ahotik serbileta kentzen dio eta klarinetea sartzen. Antoniok hatzamarrak mugitzea lortzen du, klarinetearen tekla gainean eskuineko eskua ezarriz eta honek hots zorrotz eta baxuak ateratzen ditu blues-sekuentzia baten gisa klabe groteskoan egoera komentatuz).

Orain emango dizut salda. (Inbutuan behera botatzen dio). Ez ikaratu, ez du erretzen. Jerez-txorrotada bat ere ipini diot, bai gozoa... Irentsi, irentsi, ondo etorriko zaizu. Baina... pisa egiten ari al zara, oraindik? Ah ez... salda darizula zaude frakatan behera... Ez dut asmatu hoditxoarekin! Tira, ez dio ardura, goazen gixatura.